EUSKERA

MANIFESTUA

UDALERRIAK GENERO-INDARKERIAREN ARLOKO ESTATU ITUNA BENETAN BETETZEAREN ALDE

Indarkeria matxista Estatu espainiarrean gertatzen den giza eskubideen urraketarik ohikoenetarikoa eta nabarmenetarikoa da. Genero Indarkeriarako Gobernuaren Ordezkaritzaren datuen arabera, 2003tik gaur egun arte indarkeria matxistak 929 emakume erail ditu, eta datu ofizialek ere aditzera ematen dute 24 haur hil dituela 2013az geroztik, horien kontaketa ofiziala hasi zen urtetik, alegia. Kopuru horiek icebergaren tontorra baino ez dira, emakumeen elkarteek are kopuru handiagoak dokumentatu dituztelako; eta horrez gain, badira indarkeria matxistaren adierazpen oso diferenteak pairatu eta bizirik dauden ehunka mila emakume eta haur, abusu horiei aurre egiteko laguntza eta babes bila.

Diputatuen Kongresuak 2017ko irailaren 28an onetsitako Genero-indarkeriaren arloko Estatu Itunak (aurrerantzean Estatu Ituna) aitortu egiten ditu Espainiar estatuaren administrazio desberdinen betebeharrak, Espainiako zein nazioarteko araudietatik eratorriak, eta aipamen berezia egiten dio Emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitu eta horiei aurre egiteko Europako Hitzarmenari (Istanbuleko Hitzarmena). Europako oinarrizko arau horrek Administrazio Publiko ororen jarduketa-esparrua zabaldu zuen, tokiko entitateena barne, indarkeria matxistari aurre egiteko haren adierazpen mota guztietan, bikotearen edo bikote ohiaren esparruko indarkeria ez ezik, sexu-indarkeria, sexu-jazarpena, ezkontza behartuak eta emakumeen mutilazio genitala ere barne hartuta, besteak beste. Estatu Itun horretan berariazko konpromiso gisa jasotzen da Istanbuleko Hitzarmenean aurreikusitako betebeharrak betetzeko berezko finantzaketa ezartzea (204. neurria).

Estatu Itunak zeregin garrantzitsua jartzen du udalerrien eskuetan, indarkeria matxistaren prebentzioaz, detekzioaz eta arreta integralaz bezainbatean. Halaber, finantzaketa-bide zuzena ezartzen du Tokiko Administrazioarekiko. 207.A neurrian aurreikusten da Estatuko Aurrekontu Orokorrek udaletara bideratzea, zuzeneko transferentzia bidez eta xede jakin horretarako, 20 milioi euro gehiago urtean, hurrengo bost urteetan, 2018. urtea barne.

Hori horrela, manifestu honen udal sinatzaileok honako hau adierazten dugu:

1. KONPROMISOA BERRESTEN DUGU, indarkeria matxistari aurre egiteko, , eta konpromisoa hartzen dugu Estatu Itunean ezarritako neurriak betetzeko, indarkeria matxistaren adierazpen diferenteen prebentzioaz, detekzioaz eta arreta integralaz bezainbatean.

Alabaina, aditzera eman nahi dugu esparru horretan dagozkigun betebeharrak betetzeko ezinbesteko zaizkigula eskumen-marko argia eta finantzaketa egonkorra eta nahikoa, gure udalerrietan behar diren prebentzioko eta arreta integraleko zerbitzuak bermatze aldera.

Eskumenei dagokienez, abenduaren 27ko 27/2013 Legea, Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzkoa, gaur egun traba handia izateaz gain, kontraesanean dago gure eskumen-markoaren harira nazioarteko eta Europako markoek –Espainiak berak eta Genero Indarkeriaren kontrako Babes Integraleko Neurriei buruzko 1/2004 Legeak berretsiek– ezartzen dituzten betebeharrekin.

Bestalde, herritarrengandik gertuago gauden erakunde publiko garen aldetik, berariazko arauek eta Estatu Itunak gure esku uzten dute indarkeria matxistaren adierazpen ororen biktima diren emakume eta adingabeei arreta emateko eginkizuna, betiere eskuragarritasun, irisgarritasun eta kalitate-irizpide jakin batzuekin bat etorrita. Haatik, erronka hori betetzea zaila da, gaur egun, Estatuko udalerri gehienontzat, ez baitugu langile-egitura egonkorrik behar diren arreta-zerbitzu eta -programa egokiei eusteko.

2. SALATZEN DUGU, onetsi zirenetik sei hilabete baino gehiago igaro direnean, ez direla bete Estatu Itunaren betetzea bermatu beharko luketen konpromisoak.

Diputatuen Kongresuak ez du Estatu Itunaren Jarraipen Batzorderik eratu (208. neurria).

Gobernu zentralak ez du lege-proposamenik aurkeztu Estatu Itunak ezartzen dituen lege-aldaketei ekiteko (61. neurria), besteak beste, Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzko 27/2013 Legea aldatzeko.

Gobernu zentralak ez ditu 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorretan sartu 100 eta 20 milioi euroko partidak, erkidegoetako eta tokiko administrazioen jarduna hobetzera bideratutakoak, hurrenez hurren (206. neurria).

3. HONAKOA EXIJITZEN DUGU:

Diputatuen Kongresuari:

  • Berehala eratzea Estatu Itunaren jarraipena egiteko Batzorde parlamentarioa (208. neurria).

Gobernu zentralari:

  • 2018rako aurreikusitako 20 milioiko kreditu-transferentzia egitea erabakitzea, xede hartuta udalerriek bermatzea Ituna betetzen dela, detekzio eta arreta integraleko zerbitzuen bidez, eta betiere jasangarritasun, eraginkortasun eta kalitate irizpideekin bat (206.A neurria).

  • Behar diren lege-proiektuak aurkeztea Estatu Itunean aurreikusitako legeak aldatze aldera; izan ere, hori ezinbestekoa baita Estatu Itunean jasotako neurri guztiak errealitatean eta epean garatzeko eta Istanbuleko Hitzarmenarekin koherentea den arau-esparru bat diseinatzeko (85. eta 86.3 neurriak.)

  • Abenduaren 27ko Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzko 27/2013 Legea aldatzea, udalen berezko eskumen gisa sartuta emakume eta gizonen arteko berdintasunaren sustapena eta indarkeria matxistaren prebentzioa zein arreta integrala (61. neurria).

  • Lege-arloko neurriak edo beste arlotakoak hartzea, kualifikazioa eta egonkortasuna bermatzeko Udal-esparruan indarkeria matxistaren inguruko arreta ematen duten zerbitzuetako plantilletan, eta gainerako udal-langile funtzionarioen baldintza berberetan kontratatutako langile espezializatuak edukitzea ahalbidetzeko.

  • Erabaki bat hartzea, udalek indarkeria matxistaren adierazpen ezberdinen biktimei arreta emateko gutxieneko estandarren gainean, betiere horiek benetan ezartzeak ekarriko lituzkeen populazio-eremuen araberako kostuen ikerketa batean oinarrituta, hartara bermatzeko erantzun egokia ematen zaiela indarkeria matxistaren biktima guztiei, bizi diren tokian bizi direla.

PDFa deskargatzea

Sartu MANIFESTOA